Ama euzkeriari azken agurra

Datorren maiatzaren 25ean, 172 urte beteko dira Felipe Arrese Beitia idazle otxandiarra jaio zenetik. Elizondoko Lore Jokoetan egin zen ezagun Arrese Beitia, Ama Euzkeriari azken agurra izeneko bertso sortagatik. \"Neure biotzeko amatxo zarra, aintxinako ama Euskera/ (…) Zaurien zauriz galdu galduta, amatxo zoaz iltera!\" zioen lehen bertsoan

 

\"\"

Datorren maiatzaren 25ean, 172 urte beteko dira Felipe Arrese Beitia idazle otxandiarra jaio zenetik. Elizondoko Lore Jokoetan egin zen ezagun Arrese Beitia, Ama Euzkeriari azken agurra izeneko bertso sortagatik. “Neure biotzeko amatxo zarra, aintxinako ama Euskera/ (…) Zaurien zauriz galdu galduta, amatxo zoaz iltera!” zioen lehen bertsoan.

 

Mende bat baino gehiago igaro da Otxandioko poetak aurreikuspen tamalgarri hura irudikatu zuenetik, eta badirudi azken urteotan hilzoriari eutsi baino ez diogula egin. Egia da geroz eta baliabide gehiago ditugula euskaraz aritzeko eta kontsumitzeko; eskolan, musikan, zineman, interneten, telebistan… Baina egunerokotasunean, zertan ari gara? Lehengo batean kontatu zidatenez, eskualdeko herri bateko nerabe batzuek euskarazko kurtso intentsibo batean eman dute izena datorren uztailerako; 16 urtera arte D ereduan ikasten egon arren, ez baitira gai euskaraz ganoraz hitz egiteko, eta instituturako ondo prestatu nahi ei dute. Estuasun itzela sartzen zait antzeko zerbait entzuten dudan bakoitzean, are gehiago ingurukoek horren aurrean zirkinik ere egiten ez dutela ikustean.

 

Ez dut ulertzen zelako Euskal Herrian bizi nahi duen herri mugimenduren bateko ekimenetan parte hartu ondoren poteoan gazteleraz dabilenak, haurrari euskaraz eta emazteari erdaraz berba egiten dion aita gazteak, hizkuntza biziberritzea den- denon zeregina dela ikusten ez duenak… Ez dut ulertzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!