Alex Diaz abadiñarra da Gorakada taldearen zuzendaria. Beragaz egon gara Zer alde dago duela mende laurdeneko Gorakadaren eta gaur egungoaren artean? Handia: Euskal Herrian eta Espainian egonkortuta dagoen konpainia gara, gaur egun: programazioan murrizketa handiak egiten ari diren arren, zirkuituetan sartuta gaude. Zorionez, Euskadin lan asko egiten dugu: orokorrean, lehen egiten zenaren %60 egiten dugu hemen, eta %30 Espainian. Zein da Gorakada antzerki taldearen lantaldearen 2013ko argazkia? Urte asko daraman sorkuntza talde finkoa daukagu: Javi Tiradok, esaterako, 21 urte daramatza Gorakadan, eta azken urteetan taldeko zutabe dira Jokin Oregi, Fran Lasuen, Aritza Rodriguez, Jose Cruz Gurrutxaga, Maida Zabala, Javi Ulla, eta Jon Chavez ere. Horixe izan da urteotako gure helburua: Gorakadaren inguruko lantalde finkoa osatzea. Zelakoa izan zen hasiera? Behin-behineko zerbait bezala jaio zen proiektua: Durangon bageneukan Geroaren antzerki taldea, eta Julio Perugorriak koordinatzen zituen taldeak sortu ziren Abadiñon eta Zaldibarren ere. Hainbat lagun elkartu ginen hor: Amaia Peña, Quique Gago, Isabel Ruiz de Erentxun, Ricardo Villalba... Proba egin gura genuen, eta egun batean, Juliok umeentzako ikuskizun bat sortzea proposatu zigun. Horrela sortu genuen Ttartalo eta artzaina. Juliok oso zimendu irmoak ipini zituen Gorakadan, oso garrantzitsua izan da eta oraindino ere bada gure taldearentzat: egun, gure banatzailea da. Jende asko hasi zen taldera gerturatzen: 1997an sartu zen, esaterako, ordutik gurekin diharduen Javi Tirado. Azken urteetan kolaboratzaile berriak ere gehitu zaizkizue ikuskizun bakoitzera, ezta? Bai, esaterako Munduari itzulia zuzentzen Portugalgo Chapito taldeko Ze Garciak jardun du. Ikuskizun bakoitzaren arabera moldatzen dugu lantaldea. Emaitzan igartzen da hori: oso apustu indartsua egin dugu. Publiko familiarrarentzako gure ikuskizunetara hainbat arlotako profesionalak gehitzeak oso antzezlan profesionalak osatzen lagundu digu, bai antzezlanen edukiari dagokionez, bai eta ikuskizunaren beste arlo batzuei dagokienez ere... 90 lagunek baino gehiagok egin dute 25 urte hauetan Gorakadarekin lan. Urte hauetan guztietan taldeari lotuta jarraitu duen jendeak ematen dio taldeari sendotasuna. Prozesu baten, lan egiteko eraren eboluzioaren emaitza da aipaturikoa, ezta? Bai, noski. Eta hasi ginenean bageneukan nora begiratu ere: Geroa taldearengandik ikasi genuen zelan egin daitekeen antzerki profesionala. Beti gura izan dugu kolaborazioen bitartez gure lana aberastu. Oso talde gutxi daude horrela funtzionatzen dutenak. Zuzendari portugaldar batekin egindako lanak “Gorakada ikutua” edukitzea oso pozgarria da. Izan ere, oso garrantzitsua da guretzat Gorakadaren identitatea ez galtzea. ‘Munduari itzulia’ sortzeko prozesua berezia izan da? Berezia da, Ze zuzendariak antzezlanari eman dionagatik, baina lehenago ere irten izan gara kanpora: Cyrano lanarekin ere Lisboako zuzendari batekin jardun genuen. Lisboara joan ginen, bertan zegoelako behar genuen zuzendaria: umorea eta proposamen fisiko eta keinukariagoa bilatzen genuen: antzerkia egiteko beste era bat. Ikuskizun bakoitzarekin esperimentatzea da gura duguna: ez gara-eta torlojuak egiteko fabrika bat. Etorkizunera begira, zer erronka daukazue buruan? Proiektu berri bati ekiteko gogoa daukagu. Badauzkagu ideia batzuk buruan, eta ekiteko gogotsu gaude. Bestetik, maiatzean bira hasiko dugu Galizian, Printzea eta ahatea antzezlanaren galegozko bertsioa eskaintzeko.
Azken asteotan kopeta zimurtuek bete dituzte komunikabideak: bateko Rajoy, besteko Urdangarin, eta azkenean, baita Aita Santua bera ere! Madrilera eta Vatikanora begira itsutu beharrean, begiratu dezagun itsasoaz beste aldekoa erakusten diguten leihoetara; Txilera adibidez.
Bertakoa zen Pablo Neruda; herrialdeak bizitako garairik gogorrenetan ere, berbak josiz mezu kritikoak eta indartsuak helarazten jarraitu zuen poeta. Gonzalez Videla presidentearen agindupean, errepresioak markatutako sasoi ilunak bizi zituen Txilek, eta beste ekintzaile askorekin batera, Neruda ere erbesteratua izan zen 1949tik 1953ra. Txokorik txoko ibili ondoren, sorterrira itzuli zen, eta gerora ezagun egin diren hainbat lan idatzi zituen.
Hain ibilbide oparoaren ondoren, 1973ko irailean zendu zen; Augusto Pinochet diktadoreak boterea lortu eta egun batzuetara. Nerudaren heriotza minbiziak eragin zuela esan izan den arren, gorpua aztertzeko agindua eman du oraintsu epaile batek; poeta Pinocheten kideren batek erahil zuelako susmoak zabaldu baitira. Beste berrogehi urte baino lehen argituko ahal dira itsasoaz haranzko zein honanzko heriotza ilunak! Bien bitartean, eta azken aldian guztiz kontrako mezuak jasotzen ari garen arren, honatx Nerudaren aldarriak: “Debekatuta dago arazoei irribarrerik ez egitea, desio duzunagatik ez borrokatzea, beldurragatik dena bertan behera uztea, zure ametsak errealitate ez bilakatzea”. Debekatuta dago.