Gure belaunaldiko gazteok sarri entzun ditugu helduagoak Frankismoari buruz berbetan: irakasleak egurrezko erregelekin, haurrak Cara al sol kantetan, guardia zibilak kapa eta trikornioekin… Errealitatetik baino, ia fikziotik hurrago ikusi izan ditugu orduko gertaerak.
Garai ilun hartatik hiru hamarkada baino gehiago igaro ondoren, zenbait gauza gaindituta edo behintzat aldatuta zeudela petsatzen genuen. Baina duela urtebete Espainiako eskuindarrek aginpidea berreskuratu zutenetik, egunero iristen zaigu zur eta lur uzten gaituen berriren bat. Murrizketak han eta hemen; kultura, etorkinak, gastu soziala... Zalantzarik ez dago lege aldaketa edota diru mozketa hauek herritarrak estualdian jartzen ari direla, baina salatu ditzagun artazikada horiek bezain mingarriak diren berbazko labankadak ere.
Orain aste pare bat, hautsak harrotu zituen Jose Manuel Castelao Bragaña alderdi popularreko diputatu ohiak. Haren hitzetan legeak emakumezkoak bezalakoak dira; bortxatzeko eginak. Sinestezina da 2012. urtean gizarte (ustez) aurreratu bateko ordezkari politiko batek adierazpen horiek egin izana. Gustora luzatuko nioke neurri bereko erantzun bat jaun horri, baina horixe ere ez du merezi lotsabako halakoak. Jendaurrean astakeria horiek esaten ausartzen badira, zer ez ote dute pentsatuko isilean! “Si tu no vas, ellos ganan” dio popularren kanpainako leloak. Datozenei aurre egin beharko diegu bada!