Aste honen lehen egunetan, ikerketa soziolingustiko baten emaitza kezkagarriak jakinarazi dizkigute. Delako azterketaren arabera azken urteotan euskaldun elebidunen kopurua igo den arren, erabilerak beheranzkoan jarraitzen du. Ez dakit zuei, baina niri zer pentsatua eman dit honek guzti honek.
Etxerik-etxe inkestarik egin ez arren, aspaldi konturatu ginen gure herrietan zer gertatzen ari den baina badirudi batzuetan egunkarietako zifrak muturren aurrean jartzea behar izaten dugula erreakzionatzeko. Gaitz erdi horrela denok esnatuko bagina...
Azken asteotan ez dakit zenbat aldiz esango genuen “Sara, euskeeeeraz!”, “Irati eta Josu, euskeeeeraz!”. Igerilekuan, eskulanetan, futbol zelaian... “Euskeeeeraz!”. Egunotan zuotako asko ere udalekuetan ibiliko zarete begirale, eta honezkero ondotxo jakingo duzue zelako nekea sortzen duen bai umeentzat, bai hezitzaileentzat, eten barik gauza bera errepikatzen egoteak. Hain neketsua da, ezen hasieran haurrei animo edo aholku gisa esaten zaiena, bukaerarako agindu bihurtzen da.
Esparru askotan hainbat euskaltzalek egiten duen ahalegin itzelari ezelako meriturik kendu barik, autokritika egin beharrean gaude. Euskal hiztunak gora baina erabilera behera; zerbaitetan ez gara asmatzen ari. Eguraldi ona eta udako planak gora-behera, ez diezaiogun kontzientziari oporretara joaten utzi; kurtso berrira begira badugu zer hausnartua eta.