Margotutako erregeak

D.W. Griffith estatubatuarraren The Birth of a Nation (1905) filmean, historiako lehen superprodukzio zinematografikoa kontsideratua, pertsonaia beltzak errepresentatzeko sarritan betunez margotutako aktore zuriak agertzen dira; zuzendariaren ideologia arrazistagatik esplikatzen da hori.


Fermin Muguruzaren eskutik sortu Black is Beltza komiki bikainean kontatzen da, 1965ean, New Yorkeko Bosgarren Hiribidean desfilatu behar zuen Iruñeko sanferminetako erraldoien konpartsak –gonbidatua izan arren– erraldoi beltzak albo batera utzi behar izan zituela, arrazagatiko bereizkeria zela-eta debekatuta.

Astelehen iluntzean Durangora Errege magoak heltzean azkena beltza zela konturatu ginen. Orain gutxi arte, New Yorken ez bezala, errege beltzari desfilatzen uzten zitzaion gurean –nahiz eta Biblian agertu ez eta XIV. mendera arte ikonografia kristauak bereganatu ez, gure imajinarioan modu sakonean dago txertatua–, baina kurioski beltzez margotutako gizon edadetu bat izaten zen. Arrazismo hutsagatik izango ez bazen ere, normala zen exotikoa zena errepresentatzeko bertako bat mozorrotzea. Ez ginen asaldatzen Griffithen filmaren edo Muguruzaren komikiaren aurrean bezala –beltzak ezin ziren aktore izan, eta ezin zuten Manhattanen desfilatu, panpinak izan arren–.

Errege beltzaren errepresentazioa anekdotikoa iruditu arren, gure imajinario bisuala gizartearen isla dela adierazten digu. Erronka orain normaltzat eta etorkizunean eskandalagarritzat hartuko ditugunak denboraz identifikatzea da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!