Eta filosofia, zer?

Arteaz idatzi ohi dut zutabe honetan, hori baitut afizio eta ikerketa gai nagusi. Baina batxilergoko filosofia irakasle gisa irabazten dut eguneroko ogia, eta diziplina horrek bizi duen gainbeheraz aritzeari garrantzitsua deritzot.

Oro har, filosofiaren gutxiespena bi kausagatik gertatzen da: batetik, aldaketa sozial eta bizi-erritmo bizkorrak direla-eta, beharrezkoago dirudi, errealitatea ulertu eta bertan orientatzeko, jakinduria sakona garatzea baino, komunikabideak edo sare sozialak kontsultatzea; bestetik, sarri ezagutza positiboak –zientzia eta teknika– erabat balioesten dira, beste guztiaren gainetik.

Hain justu bi ezaugarri erredukzionista horiek nagusi direnez, inoiz baino gehiago behar ditugu jakintza filosofikoa eta horri dagozkion lanak bermatzea: hausnarketa patxadatsu eta argudiatua sustatzeko; lortu gura ditugun helburuak era arrazionalean argitzeko; dogma eta aurreiritziei aurre egiteko asmoz, irizpide funtsatuak eskuratzeko; beste jakintza partikularrek eskaintzen ez duten ikuskera bateratzailea lortzeko koherentzia eta sistematizazioa bilatzeko. Funtsean, hezkuntza sisteman filosofia irakastearen helburua egun hain ezohikoa den pentsamendu kritikoa –filosofia praxi eta jarrera gisa– bultzatzea eta bideratzea da.

Arrazoiz ari dira asko LOMCE legeak euskarari eragingo dizkion kalteak salatzen, baina gutxi dira humanitateak eta, batez ere, filosofia desagerraraztera datorrela azpimarratzen dutenak. Dena den, neurri batean ulertzekoa da, orokorrean, tamalez filosofiak gizartean bizi duen entzute urria dela-eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!