Enrike Renteria

Aste batzuetatik hona Anboto Zornotzara ere heltzen dela-eta, Zornotzatik kanpora hain ezaguna ez den Enrike Renteria (Zornotza, 1900-1982) margolariari buruz hitz batzuk idaztea otu zait.


Formakuntza autodidakta, nerabezarotik pinturarako bokaziozko zaletasun nabarmena erakutsita, bizitza osoan margotzeari utzi ez zion Enrike Renteria XX. mendean eskualdean izan dugun artista esanguratsuenetakoa dugu, duda barik. Euskal Artisten Elkarte ospetsuko kide, 30eko hamarkadan izaera kostunbrista eta kutsu narratiboko pintura modua gauzatu zuen, bere inguru hurbilenari zuzenean lotutako paisaia naturalak edo barne eszena desberdinak landuta. Neurri batean bere lagun Ucelay bermeotarraren eraginpean kromatismo epel eta tonu kontraste aipagarri eta aberatsek ezaugarritzen dute bere lana, bereziki giro atmosferikoak sortzen trebea izaki.


Inpresionismoaren ildoan, euskal paisaiaren tradizioan –Regoyos, Guiard, Amárica– erabat txertaturik, Renteriaren ibilbidea gerrak baldintzatu zuen zuzenean, eta 50eko hamarkadatik aurrera beretzat jardun zuen, batez ere, baina sekula aire librean margotzera joateari utzi gabe, 70etan ostera ere Bilbon erakusketa indibidualak antolatu eta kritikak berreskuratu zuen arte. Bere eguneroko paisaia bitala margotu zuen Renteriaren lana zuzenean ikustea erraza ez bada ere –obra gehientsuenak esku pribatuetan baitaude–, Zornotzako udalaren web orrian hautaketa politaz goza daiteke: www.amorebieta-etxano.net/ezagutu/seme-printzipalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!