Durangoko Arte eta Historia Museoak inguruko artisten erakusketak antolatzen jarraitzen du; martxoan Jesús Lizasoren eskulturak, apirilean Xabier Soubeleten margoak eta ekainean Rosmarie Boisier eta Goiuri Aldekoa-Otaloraren argazkiak bilduko ditu.
Bilboko Arte Ederren Museoak, udaberrian, Markus Lüpertz alemaniarraren atzera begirakoa, eta, udazkenean, hiperrealismo amerikarraren hautaketa interesgarria aurkeztuko du.
Egunotan Guggenheimek Ernesto Neto brasildarraren instalazio ikusgarriak prestatzen dihardu; udarako, ostera, Yoko Onoren lan kontzeptualak, eta, udazkenerako, Braque frantsesaren pintura kubistak izango ditu erakusgai.
Artiumen Gordillo eta Mieg pintore kontsakratuen lanak aurkeztuko dituzte. Areto txiki eta galerietan ere erakusketa ugari eta ez interes gutxiagokoak izango dira.
Bidaiatzeko aukera duenak baditu galdu ezinezko zitak: Richard Hamilton Reina Sofian, El Greco eta maisu modernoak Pradon, eta pop estatubatuarra Thyssenen; Matisse Londresko Tate Modernen edo Sigmar Polke New Yorkeko MoMAn, besteak beste. 2014an Veneziako Bienalik ez bada ere, Sao Pauloko Bienala eta Manifesta 10 –aurten San Petersburgon– izango dira, eta baita arte garaikideko azoka nagusiak ere: ARCO, Art Basel eta Frieze, kasu. On egin.