Zinema onena telebistan ikusten dela esatea topiko bihurtu bada ere, bada egiarik baieztapen horretan. Zabor ugari ikus badezakegu ere, izaera zinematografikoa duten fikzio lan bikainak aurki ditzakegu pantaila txikian, batez ere, AEBetatik datozenen artean.
Besteak beste, Six Feet Under (HBO, 2001-05) –kontserbadorea formetan, iraultzailea edukietan–, The Sopranos (HBO, 1999-07) –mafiaren erretratu bikaina–, The Wire (HBO, 2002-08) –hiri kapitalista garaikidearen erradiografia–, Mad Men (AMC, 2007-13) –60ko hamarkadari begirada idealizatu bezain iluna–, Homeland (Showtime, 2010-13) –egungo geopolitika zalantzan jartzen duen thrillerra– zein Bordwalk Empire (HBO, 2010-13) –giza pasioen gaineko testigantza aparta– nabarmenduko nituzke.
Telesailaren formatua zaharra bada ere, horiek aurrekontu itzelak, lehen mailako aktoreak, intertextualitate nabarmena eta sekulako gidoiak dituzte. Filmekin alderatuta, denboran luzatzeko gaitasunak konplexutasuna eta protagonisten garatzea ekarri du, askok Shakespeare edota tragedia grekoekin ere konparatzeraino. Don Draper, Omar Little, Tony Soprano, David Fisher zein Nucky Thomsonen nortasun psikologikoa sakona da oso, haiekiko –asko gaizkile hutsak badira ere– enpatia garatzera heltzeraino.
Duda barik, fikziozko ikus-entzunezkoen esparruan mendebaldeko historiako produkzio literario eta zinematografiko handienen mailan daude, eta horregatik merezi du horiengana hurbiltzea.