Erromeria Ezkurdin

Jakina da artista moderno ugari hurbildu zirela XX. mende hasieran Durangaldera margotzera, Regoyos, Zubiaurretarrak –hauek udaro bueltatu ohi ziren Garaira–, Amarica, Nieto Ulibarri, Basiano edota Barrueta, adibidez. Horien artean, badirudi Aurelio Arteta ere (Bilbo, 1879 - Mexiko, 1940), garai hartako pintore nagusienetakoa, gurean margotzen ibilia zela

 

\"\"

Jakina da artista moderno ugari hurbildu zirela XX. mende hasieran Durangaldera margotzera, Regoyos, Zubiaurretarrak –hauek udaro bueltatu ohi ziren Garaira–, Amarica, Nieto Ulibarri, Basiano edota Barrueta, adibidez. Horien artean, badirudi Aurelio Arteta ere (Bilbo, 1879 - Mexiko, 1940), garai hartako pintore nagusienetakoa, gurean margotzen ibilia zela.

 

Bilboko Arte Eder Museoko Elizpea (c. 1905) margolan handia, mezara sartu baino lehenagoko baserritar talde baten erretratua da. Esan izan da, zalantzekin, koadroan agertzen den eliza Tabirako ermita dela. Baina tenpluko sarrera ondo aztertuz gero, ez dirudi hala denik. Ostera, asteotan Bilboko Michel Mejuto Galerian ikusgai den Artetaren margolan txikia, ziur aski Durangon koka genezake.

 

Erromeria Durangon (1909) izeneko pastel txiki eta delikatu hau, pintorea Paristik bueltatu berritan gauzatutako lana dugu. Ezkurdi plazako arbola arteko arrastiko jai giroa Toulouse Lautrec-ek ohikoa zuen argiztapen artifizialaren atmosfera gogorarazten digun tonuen bidez ondu zuen Artetak. Gizonezkoen txapel eta brusez, eta emakumezkoen soineko luzeez aparte, orain ehun urteko jai giroa –musika, jendartea, neskamutilen arteko maitasun kontuak–-, funtsean egungoaren nahiko antzekoak zirela eta haiek ere koloretan bizi zirela –eta ez garaiko erretratuek erakutsi lez, zuri-beltzean!– ematen digu aditzera, pintura eder askoa izateaz gain.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!