Durangaldean badauzkagu (askotan oharkabean pasatu arren) eskultura publiko interesgarriak. Horien artean, aipatzekoa da euskal eskulturagintzan erreferente den Vicente Larrea (Bilbo, 1934) artistaren \'Abstrakzioa\' (1994) izenburuko pieza ederra, Durangoko Arte eta Historia Museoaren lorategietan kokatua.
Larrearen lengoaia plastikoa bete-betean identifikatzen dugu lan honetan. Gorriz pintatutako 10 zentimetroko zabalerako burdinezko plantxaren trataerak (kurba, kontrakurba eta tortsio ezinezkoekin pieza bere baitan makurtu arte bihurrituaz), bolumen benetan erakargarriak sortzen ditu. Tela edo formazio natural desberdinak gogorarazten dizkigun metalaren itxura biomorfoa dela-eta, artistak indar espresibo bereziko estruktura dinamikoa lortzen du, aldakorra oso ikuslearen kokalekuaren arabera, sartu-irten eta konplexutasun partikularreko forma infinituak ahalbidetuta.
Tamalez, \'Abstrakzioa\' eskulturak degradazio zeinu ezberdinak (lohitasun nabarmena, geruza piktorikoaren galera eta ugertze kezkagarria) agertzen ditu, eta ez dago bere onenean. Horregatik, eta balio estetiko argiko pieza honek laster 20 urte beteko dituela kontuan izanda, historikoagaz egiten den legez, gure inguruko ondare artistiko garaikidea patxadaz mantendu eta herritarren artean horrekiko interesa zabaltzeko denon artean esfortzu bat egin beharko genuke.