Esaten dute zoriontsu izan zaren lekuetara ez dela bueltatu behar. Agian desberdindu beharko genuke zer den bueltatzea eta zer berriro joatea. Bueltatu denok bueltatzen garelako argazkietara, gordetako email edo elkarrizketetara, lagun artean oroitzen ditugun pasadizoetara. Nik neuk, street viewn hiri bateko duela 10 urteko argazkiei begira neure burua aurkitu nuen, ez kaleko argazkian, baizik eta pantailaren isladan.
Bueltatzea geure gezurrak sinistea da, bertan goxo egotea, pentsatzea norbere Odiseok Penelope bat duela zain, 20 urte pasatu ez balira lez, berdin-berdin.
Etengabe berritu beharra dagoen garaiotan bueltatzea lasaigarria da, helduleku bat. Izan daiteke lagunarteko kode bat, film bat, haurtzaroko ipuin bat edo abesti baten bidez, baina bueltatzen gara norabait. Liburu baten pasartea edo poema bat ere badira lekuak nora bueltatzen garen.
Eta nik gurako nuke idatzi zutabe bat, horrelakoa, noizbait norbait bertara bueltatuko dena, eta hemen elkartu.