Norbaitek esango du Gaba Baltzak ez duela tradiziorik Durangon, eta, seguruenik, egia izango da, sekula ez da horrela ospatu. Bi hilabete barru Gabon Zaharra ospatzen egongo gara, eta nire etxean, oroimena dudanetik, tradizio ditugu mahatsak eta Ramón García. Norbaitek asmatuko zigun, diot nik, tradizio espainiar hori.
Duela aste batzuk, Taupada jardunaldietan, Xamar idazleak zera esan zuen: urtea, hitzak dioen moduan, ur ziklo bat dela, eta Euskal Herriko leku askotan ur berria edanez ospatzen zutela urte berria. Apurka galtzen joan den ohitura, gaur egun oraindik Urdiainen, Bakaikun eta Etxalekun ospatzen dutena, herriko iturrian ura edanez. Erronka jo zigun: animatu aurten hori egitera, seguruenik 5 izango zarete, datorren urtean 15, eta 6 urte barru irudiko du betidanik egin izan dela. Soilik euskaratik uler daitekeen ohitura da; gauza ederra, mahats batzuen aldean.
Tradizioak asmatzeko daude. Bi hilabete barru, Andra Mariko iturrian, egingo dugu?
 
        
        