Errosek idatzitakoa, baina, ez zen inoiz gertatu. Zumalakarregiri ez zioten ez bibote txatalik kendu ez Bilbora eraman. Erabilitako izen eta iturri historikoek, ostera, sinesgarritasuna ematen zioten kontakizunari. Askok usaindu zuten gezurra, eta ulertu zuten helburua. Beste askok gogotsu sinistu zuten.
Orain, gezurraren aroan sartu garela diote. Gezurra esatea ez ei dago ondo, baina kutxa batean dagoen bibote zatiak eman dezakeen adorea ere gezurra da, azken batean. Kontua da gezurrak zein helburu duen, nahasgarria den ala laguntzen duen zerbait ulertarazten.
Gezurrak badaukalako balio etiko eta estetiko bat, agian horrela defendatu daitekeena soilik: gezur batekin.