Autobusean

Hori ez da ospitalera doana, esan dio jubilatu batek besteari, Magdalenako geltokira ailegatu eta ilaran ipini naizenean. Egunero autobus bera hartzen dugunok ez dugu elkar agurtzen. Hasi gara igotzen, lekua hartu eta nire alboan jesarri denak izerdi usaina dauka.

Atzo, nik. Mugikorra atera dut, eta gaur goizean bertan entregatu behar dudan zutabe hau idazten hasi naiz. Nire aurrekoa maitasun mezuak bidaltzen ari da whatsappez, emotikono gehiegirekin. Ikasle bat unibertsitateko lanak egiten dabil. Institututik piper egin duten bi nerabe daude, eta Iurretara ailegatu garenean, kristalaren atzean salbu sentitu eta jendeari erdiko atzamarra erakusten entretenitu dira. Liburu bat atera du beste batek. Nire atzekoari aurikularrak deskonektatu zaizkio, eta musika kontzertua eduki dugu konturatu den arte. Ez du, halere, albokoaren sorbaldan lo doana esnatu. Autobidean, kontrako noranzkoan, auto-ilara sortzen ari da. Kristaletik begiratu diegu autoetan geldi eta haserre daudenei. Auto indibidualak hautu indibiduala dakar beti, askatasun trazako kondenan.

Nerabeak autoei erdiko atzamarra ateratzen hasi dira. Beste guztiok, elkarri begiratu eta gero, gauza bera egin dugu.

Egunero autobus bera hartzen dugunok ez dugu elkar agurtzen, konfiantza dagoelako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!