Zutabe parte-hartzaile bat

Erabiltzailearen aurpegia Markel Sanchez Zelaia 2024ko ira. 20a, 08:30

a) Durangoko Udalak beste parte-hartze prozesu bat jarri du martxan kale bati izena emateko. Institutuko ikasle batzuek 'Jolasordu' kalea proposatu dute algara artean, eta 300 gazteren botoekin hori izango da kalearen izena. Garrantzitsuena herriari entzutea da, esan du agintari batek. Osasun-zentroan medikurik ez dagoela salatzen duten pankarta batzuk kendu dituzte, “beste garai batzuk” gogorarazten dituztelako.

b) Europar Batasunak esan du gerra “datorrela”, eta herrialdeek soldaduska ezarri dute 18 urteko guztientzat. Ekialdeko frontera lehen gazteak bidali dituzte, baina operazio laburra izango ei da. Gu mugikorrean bozkatzen ari gara ea Durangaldea zeharkatuko duen bidegorria berdea ala gorria izango den. Batzuek diote, izenari jarraituz, gorria beharko lukeela; beste batzuek, ekologikoa denez, berdea. Ez da erabaki erraza.

c) Zure lagun batek bere burua aurkeztu du plaza batek bere izena eduki dezan. Bozkatu eta zabaldu mezua ;), esan dizu. Beste batek proposatu du π izena ematea, matematikarien turismoa sustatzeko. Erretiroa 70 urtera atzeratu dute, ekonomian adituek horrela izan behar duela diote-eta. Dakitenei jaramon egin beharko zaie.

Aurreko zein aukera uste duzu dela posibleena? Bozka ezazu.

Zure iritzia garrantzitsua da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!