Parentesien alde (eta kontra)

(Bizitza parentesi bat baino ez delako mundua den testu luze honetan (eta mundua beste parentesi bat), eta horregatik parentesien alde egotea besterik ez daukagu, bizitzaren alde egotea delako (are gehiago, benetako bizitza parentesietan gertatzen da (justu hortxe),

benetakoak garen lekua dira (Mari Luz Estebanek zioen garenaren eta izan nahi dugunaren arteko amildegian garela nor, baina amildegi hori ez da parentesi bat besterik)), parentesietan dago egia (benetakoa) eta horren apologia egin gura dut hemen, apologia erabatekoa (berdin dio ideia Lide Hernandoren abesti batetik hartu dudan (edo Gabriel Arestiren poema batzuetatik (edo Peru Magdalenaren ipuin batetik (zaila da originala izatea parentesi batzuk erabilita)))), parentesiak direlako benetako testua, olatu bat direlako itsaso bare batean (olatu itxura dute gainera), baina itsasoa olatuz betetzen denean dena aldrebesten da, inork ez die olatuei erreparatzen (itsasoari baino), eta ur nahasi horretan ez dago ezer arrantzatzerik (ez nabigatzerik (ez literaturarik (bistan da))), eta, horregatik, parentesiak gaitzestera nator, erabilera gehiegizkoa salatzera, edozer ikusten delako aspaldian (esaterako, er(h)ori, era(lda)keta edo ho(rre)lakoak) eta nahikoa da (larregi direlako (ez dutelako ezer esaten (edo gaitzespenen modara batu naizelako))), parentesiek merezi dutelako parentesiak izatea (ez berba-joko eskasak ez ironia (?) merkea), soilik une bat izatea gure bizitzetan, parentesi bat, dena gelditu eta gauza ezdeus zein inportanteei buruz pentsatzeko (parentesiei buruz, adibidez)))

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!