Gizarte elebiduna hori delako: erdaldunak elebakarrak dira, eta euskaldunok elebidunak. Klaro.
Athleticen ospakizunak ikusten dituzu, eta hamar ordutan apenas inork esan ditu mikrofonotik lau berba euskaraz. Hauteskunde kanpaina jarraitzen duzu, eta alderdiren baten euskarazko testua txarto dago; beste batzuek diote euskararen alde daudela, baina inposizio barik; besteren baten hautagaiak dio normaltasunez hartu behar dugula Osakidetzan euskaldunak ez diren medikuak egotea.
Euskaldunok elebidunak gara, eta hor konpon. Eta ni zalantzan ea zutabe honekin euskara inposatzen ari natzaizun, irakurle.
Norbaitek zutabe hau irakurri eta pentsatuko du: badabiltza hauek berriro ere negarrez, biktimarenak egiten beste behin. Zenbat kexatzen garen.
Astelehenean hasiko da Euskal Herrian Euskarazek antolatu duen Harrotze Astea Euskal Herri osoan. Harrotasunez aldarrikatuko dugu gurea dena, eta beharko lukeena. Agian norbaitek karteletako erdarazko berbak ezabatuta ikusiko ditu eta aztoratu egingo da, ea zertan gabiltzan, zein errespetu falta den hori. Esan beharko diegu guk horrela bizi dugula egunerokoa, eta ariketa osasuntsua dela enpatia, haiek ere ikas dezaketela euskaraz. Guztiontzat dago lekua elebitasunaren timoan.