Aspaldian, behin baino gehiagotan altxa ditut besoak telebista aurrean, baina desesperantzaz: ETBn euskaldunak euskaldunekin erdaraz ikustean, euskarazko fikzio berririk ezin topatzean, aurrekontu gehiena erdarazko katera bideratzen dutela ikustean. Uste dut ez naizela bakarra izan. Kontua da ez dagoela gure haserre hori energia bola batean batuko duen Son Gokurik. Nostalgia piztu zait, bai, ETBk belaunaldi oso bat euskarazko edukiekin entretenitzen zuen sasoiaz, erdaldunek ere euskarazko telesailak ikusten zituztenekoaz, ETBk hizkuntza normalizazioan bere funtzioa betetzen zuenekoaz.
Baina ez gaude nostalgietarako. ETBk berpizkunde bat behar du, urgentziaz, has dadin edukiak sortzen telebista eta sareetarako, ahalik eta gehien, mota guztietakoak, dagoen modu unibertsalenean: euskaraz. Kaitok erakutsitako teknikan lez.