Esajerazioaren alde

Erabiltzailearen aurpegia Markel Sanchez Zelaia 2024ko urt. 26a, 08:30

Harkaitz Canori irakurri nion gauza logikoa dela batzuetan errealitateak fikzioa gainditzea. Izan ere, fikzioak sinesgarria izan behar du hartzailearentzat, errealitatearen antza eduki behar du; errealitateak, ostera, ez dauka betebehar hori.

Ados nago. Horregatik ezin dut ulertu gizarteak zergatik arbuiatzen eta salatzen dituen pertsona batzuk, soilik euren gauzak kontatzeko moduagatik: esajeratuak. Arazoa da jende askok esajerazioa lotzen duela gehiegikeria, harrokeria, ahoberokeria eta beste keria batzuekin. Ipuinak eta gezurrak nahasten dituen jende berbera da, magoei trukoak harrapatu guran ibiltzen direnak.

Esajerazioak errealitate gehiago dakar ifrentzuan errealitateak berak baino. Esajeratzea errealitatea areagotuta ematea da, azpimarra egitea, zerbait miretsi eta besteei eskaintzea. Kontrara, errealitatea gertatu den moduan lau eta apal kontatzea errealitatearen erreplika merke bat besterik ez da, originalaren berdin-berdina izango ez den fotokopia bat, famatu bat argizari museoan ikustea.

Esajerazio eza asperdura da. Egin kontu: barregura, maitemina, lilura, plazera eta aztoramena eguneroko bizitzaren esajerazioak baino ez dira.

Esajeratuak dira errealitatea eta bizitzaren arteko bitartekariak. Esajerazioa poesiaren demokratizazioa da. Esajeratzea da egia esateko modu bakarra, norbere egia. Beste guztia diskurtsoak errepikatzea da. Utzi gauzak diren moduan kontatzeari, gauzak aldatu gura baditugu behintzat. Soilik esajeratuok salba dezakegulako mundu triste hau.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!