Laboaren kantaren berbak Bertolt Brechtenak dira, euskarara ekarritako Gegen Verführung poemakoak. Beste hizkuntzetara, ostera, Sedukzioaren kontra itzuli da: ez gaitzatela limurtu. Ez dakit itzulpenean berbaren hautua ausazkoa izan zen ala ez, baina koadratu zidan denak. Ikusten dut geroz eta jende gehiago seduzitzen dutela ultraeskuinaren zaunkek, kriptozale gihartsuek, kontserbadoreek, streamer misogino zoldatsuek eta norberekeriek. Liluratu, ostera, ez.
Jende asko seduzitu ahal badu ere, zapaltzaile batek ezin du lilurarik eduki. Sedukzioa planifikatu daiteke, artifizialegia da, eroserraza. Lilura beste zerbait da: ideia justuak, irribarrea, mundu berria, begietan distira. Lilura kutsatu egiten diogu elkarri, sedukzio dantza barik, antzerki barik, trikimailu barik. Brechtek, Laboak eta beste hainbatek egin bezala: bizitzaren alde, ustelen kontra, liluraren alde.