Guztion patua

Erabiltzailearen aurpegia Markel Sanchez Zelaia 2023ko urr. 20a, 08:31

Zeri buruz idatzi zutabe bat azken egunetako irudiak ikusita? Zer kontatuko dut hemen inporta duenik? Zer esan herri bat sarraskitzen ari diren bitartean gure agintarien konplizitatearekin?

Badakit mundua hiltegi bat dela, basakeria han-hemen dabilela normaltasun okagarriz, baina goragaleak muga batzuk pasa ditu oraingoan. Lehen isil-gordean egiten zena gaur zuzenean emititzen digute: herri baten genozidioa.

Ikusten gabiltzana ultraeskuinaren proiektu maskara bakoa da, paparra puztuta eta dena irabazteko duenaren harrokeriaz. Israelgo barne ministroa palestinarrei “animalia” deitzen, presidentea bonbardaketen bideoak sareetan hedatzen, ospitaleak sutan. Kapitalismoaren, kolonialismoaren eta arrazakeriaren amets umela. Mundu proiektu bat, finean: sobera dauden pertsonak hiltzen dituena. Israelek sobera ditu palestinar gehienak; eta, kapitalak, hemen zein han, sobera ditu kontsumitzaile eta langile moduan balio ez dutenak, sobera ditu hizkuntza txikiak, sobera gerretatik ihes dabiltzanak, sobera ditu haren kontra borroka egiten dutenak.

Ultraeskuinaren eldarnio horri erantzun irmo eta integral bat eman ezean, nekez sortuko dugu mundu justu bat. Nekez egingo diogu iskin heriotzaren errobera horri, bere ibilian gugana ere etorriko dena azkenean. Elkartasuna zor diegu palestinarrei; Israel gelditu beharra dago ahal dugun baliabide guztiekin, konplizeak salatu behar ditugu, eta, bakearen bidean, Israelgo estatua bera desegin behar da. Eurengatik, gugatik, denongatik.

Palestinaren patua izango delako gizateriarena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!