Turistak

Ezagutzen ari den leku horretako esentzia harrapatu gura izaten du turistak, benetakotasuna. “Ez zitzaigun leku hura askorik gustatu, turistaz beteta zegoen” dio, edo beste behin leku oso “autentiko” batean egon zela, leku asko artifizialak edo turistentzako eginak direla jakitun.

Gero Bilbotik zoaz eta arratsaldeko seietan ilehori bikote bat ikusten duzu terraza batean jarrita, paella deitu dioten kolorezko arroz bat jaten poz-pozik, eta grazia egiten dizu, zu beste nonbaiten egon zarenean gauza bera egin ez balizute lez.

Erraza da turistak engainatzea. Behin entzun nuen Kuban otarrainak izozkailutik atera, pita muturrean lotu eta itsasora botatzen dituztela, turisten begi aurrean arrantzatzeko. Munduan 13 monasterio daude Jesukristoren zakil zati bat dutela diotenak, hau da, jaio zenean zirkunzidatu zioten zati horixe bera. Pentsatzen dut egongo dela hunkitzen denik zera hori ikusterakoan. Nik ere, aitortu behar dut, behin turista valentziar batzuei kontatu niela Pinondoko erreka kontrako harritza hori Durangoko plaia zela, eta eguraldi onarekin lepo betetzen genuela.

AEBetan, Nashvillen, Atenasko Partenoiaren erreplika bat dute, eskalara egina eta Antzinaroan zegoen bezalaxe apaindua. Non sentituko da bisitaria benetako Partenoian? Atenasko aztarnetan ala erreplika errealista horretan? Agian gezurrezko hori da benetakoena. Agian engainua gurago dugu, ipuin hori bizi errealitatea baino. Agian ipuin horiek errealitatea sortzeko gai ere badira. Agian Durangok plaia bat dauka, eta ez dugu erabiltzen inork ez digulako esan plaia bat dugunik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!