Baina Tourra joango da, eta erakusleihoko argiak amatatzean gure isla ikusiko dugu kristalean: Tourra diru publikoz finantzatu eta alfonbra gorria ipini dion herria gara, baina bertako txirrindulari lasterketa geroz eta gutxiago dituena, baimen eta baliabide ekonomiko faltagatik. Bertako artista eta kulturgileak hauspotu beharrean Guggenheim museo berri bat eraiki gura duen herria. Musika zirkuitu propioak eratu eta elikatu beharrean MTV Music, Last Tour, BBK Live eta antzeko enpresa eta makro-jaialdiei dena ahora ematen dien herria. Enpresa handiek kanpotik dakartena norberarena baino hobea dela uste duen herria, turismoa erakartzeko modernoa izan gura duena patetikoki, euskara eta euskal kultura gauza exotiko lez saltzen dituena, marketineko berba jokoetarako herria, ongi eTourri.
Bazter guztiak ikurrinaz bete ditugu, eta agian horrek ez digu gure herria ondo ikusten uzten. Geure buruari begiratu eta zer izan gura dugun pentsatzea tokatzen zaigu, zein herri eredu sustatu gura dugun, ea kapitalaren interesen esanetara jarraituko dugun ala guretik ekingo diogun. Ea inor gure gainetik pasatzen utziko dugun ala guk eragingo diegun pedalei.