Surik bai?

Erabiltzailearen aurpegia Markel Sanchez Zelaia 2022ko abe. 16a, 07:30

Sorginolako afixa batek zioen duela bizpahiru urte: ez gaitu izutzen negu hurbilak. Kalefakzioa ez zen, baina, gazteen gogoa berotzen zuena bakarrik.

Durangoko Azokak eztanda egin eta bost egunez Durangok su hartu du. Baina egunak joan ahala beroaldia ere badoa apurka-apurka, eta negua hurbil dator. Orain eguneroko kultur panorama da geratzen zaiguna.

Zorionez, Durangaldean baditugu sutondoak ez gaitezen hotzak hil, baditugu kandelak kale-argi, eta baditugu lantzean-lantzean sugarrak ere, inor erretzerainokoak.

Kultura hegemonikoak izoztu ez gaitzan behar ditugu suak, euskarazko suak, beste mundu ikuspegi batenak. Arteak eta kulturak balio dezaketelako errealitatea ulertzeko, errealitatea beste modu batera pentsatzeko eta baita errealitate berriak sortzeko ere.

Matienan isiotu dute txinparta; Durangon, ostera, su batzuk amatatu dira han-hemen. Sorginola, adibidez, aurri eta hautsa da orain, eta Plateruena ta gero zer? dinamikak ere bere bidea amaitu behar izan du. Eta su bat piztu dutenek badakite zein lan dakarren txinparta bat sortzeak, zenbat jenderen lana, gogoa eta ikusmira bateratua behar diren.

Plateruena, ostera, martxa hartzen hasi da, eta ikustear da komunitate bat berotzeko gaitasuna izango duen. Oxala Durango argituko duen itsasargia izatea, belaunaldi oso baten sorleku, kultur proiektu sendo bat osatu eta errealitatea moldatzeko gai izatea. Eragingo du, igual, kultura politikez aritzean gasolinaz ari garen edo zerbait aseptikoz, ospitale batekin konparagarri. Asmoa sutxo baten epel-goxoan egotea den ala txinpartak bizitu eta zeruari su ematea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!