Gabonetako argien alde

Abiadura aurpegiarekin begiratzen diogu gertatzen ari den guztiari aspaldian: gerra hotsak geroz eta ozenago, erregaien eskasia kale bazterrean, krisi klimatikoa etxepean. Logelako bentanatik begiratu eta laster gabonetako edo neguko argiak ipintzen hasiko dira, eta, zer esango dut ba?

Lekuz kanpo daudela, zelan ez, ekologismoaren ustezko doinuan. Lanetik irtetean kantatuko dut: orain arteko kontsumo ereduari ezingo diogu eutsi, planetak ez digu utziko. Eta egia da hori, egia den bezala momentuz denak martxan jarraituko duela neguko argiek izan ezik. Lehentasunen melodia hori pegatuko zait. Agian, hemendik eta urte batzuetara, musika horrekin, kandelen argitan afalduko dut, enpresa handiak martxan daudela, konpromisoagatik. Partitura jarraitzea besterik ez da.

Gabonetako argiak kentzen hasiko gara, herriko jaiak bertan behera utzita jarraitu, eta horrela aisialdia kamustu arte zeharo. (Profeta zoroa nirudike hau dagoeneko gertatu ez balitz). Edozer, produkzioa geratzea salbu.

Enpresak publikoak eta langileon kontrolpekoak balira, erabaki ahalko genuke zer amatatu zein momentutan, gizarte moduan zer produzitu eta zer ez, baliabide urriak zelan erabili, desazkundea nondik egin. Eta neguko gau luzeenetan, ederra izango da herriko plazak argiekin apaintzea, ez oraingo kontsumismoaren laudorio kutre horrekin, baizik eta artea dei daitekeen argiztapen sasoikoarekin, edonoren begien gozagarri, debalde, denontzat.

Bitartean, eskasia batzuentzako izango da soilik, eta irabaziak gutxi batzuenak. Argiontzi itsuak alferrik direlako bide bazterretan, aurrera egin gura duenarentzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!