Desira

Erabiltzailearen aurpegia Markel Sanchez Zelaia 2022ko uzt. 22a, 09:40

Badira pare bat aste Durangoko Alde Zaharrean bizi naizela, eta, ezustean, afizio berria sortu zait: bentanan egoten naiz jendeari begira. Orduak pasa ditzaket. Zelata horren kronika txiki bat dakart hona, lotsa gutxirekin, harrituta naukalako asteon entzun dudanak.

Astelehenean, laneko arazo batzuk aipatu zizkion pertsona batek ezagun bati, eta sindikatura batzeko gonbitaz erantzun zion besteak. Irribarre egin nuen. Martitzenean, beroaz kexu zen andre batek dendari bati esan zion abanikoak hartu baino hobe dela ekoizpen baliabideak hartzea, ganora apur bat falta dela hemen. Txaloak joko nizkion, horrek zelatan nengoela agerian utziko ez balu. Eguazten iluntzean gizon batek beste bati esan zion badela sasoia, bere adinerako, zakil bat probatzeko. Burua atzera bota nuen astiro, baina adi-adi jarraitu nuen begira. Eguenean kuadrilla bat eztabaidan pasatu zen, balizko Euskal Herri libre batean migratzaileentzat zein harrera protokolo edukiko genukeen, eta euretako batek esan zuen ordurako inori ez zitzaiola migratzaile deituko. Pentsakor geratu nintzen. Aipagarria da, bestalde, lokartzen nengoela ohetik entzun nuen literatura kritika, gaztea zirudien baten ahotsetik. Barikuan, asteon zelatatu dudanagatik, euskara gutxi dakien bat Anboto irakurtzen dabil, bere ulermen maila lantzeko.

Agian kontatu dudana ez da gertatu. Agian bentanatik benetan entzundakoaz idaztea pentsatu nuen, haserre, gure gizartearen kritika bat pesimismotik. Agian bentanatik begira harrapatu nau pasiatzaile batek, eta nik begi-keinua egin diot, ea desira pizten diodan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!