Cambridgeko boskoteko Kim Philbyk, Lehen Mundu Gerrako Mata Harik, Willy Brandt kantzilerraren idazkari izatera heldu zen Günter Guillaumek, Trotskiri buruan pioleta sartu zion Ramón Mercaderrek, Ursula Kuczynskik, Joan Pujolek, Richard Sorgek eta beste hainbatek bizitza sinestezinak izan zituzten. 1980tik 2000ra artean, Scotland Yardek agenteak infiltratu zituen zenbait herri mugimendutako kideen artean, eta batzuek seme-alabak ere eduki zituzten eurekin.
Askotan pentsatu dut etengabeko antzerki horretan, sortzen diren harremanek zenbat duten gezurretik eta zenbat, ezinbestean, egiatik. Burua hotz edukita ere, ez ote den loratzen maitasuna ustekabean. Konbikzio sendoak edo lanaren ordaina nahikoa ote diren inguru horretan norbera ez aldatzeko.
Batzuei entzun diet, ahapeka, behar dela Ertzaintzan jende jator, abertzale eta, are, ezkertiarra sartzea, hor ere eraldaketak egin gura badira. Sartu diren gazte batzuek ere badiote eurak ez direla lehengo sasoietakoak modukoak, arazoa iraganean balego lez. Baina poliziak, azken batean, erregimenaren eta ezarritako ordenaren zaindari dira, datozen garai nahasietan gure kontra biolentzia erabiliko dutenak, ezer eraldatu gura badugu. Eta eurak, gure bizi baldintzen okertzea babestuko dutenak, gure artean daude.