Zutabegileen kontra

Iritziak ez dira berez sortzen, norbaitek sorrarazten dizkigu. Sanoa da gizarte batean iritzi sortzaile ugari egotea, baina badu arrisku bat: zutabegileak ager daitezke.

Norbaitek haien bizipenak edo iritziak kontatzeko espazioa eskaini zienez, uste dute esateko dutena interesgarria dela gainontzekoentzat, eta istripu kognitibo horretatik sortzen dira munstroak, zutabegileak. Batzuetan sasijakintsuak, bestetan harroputzak, gehienetan gogaikarriak. Harrotutako umeak, aberats berriak. Baina batez ere zinikoak. Soilik zutabegile batek traizionatuko lituzke bere gremiokoak, ukondokadaka besteen gainera igo haien kontrako zutabe bat idazteko, norbere buruaz barre egitearen ariketa faltsu batekin, bere kideei labana sartuz arreta apur baten truke, gupida barik. Umiltasun faltsuaren teknika, beti auzolotsagarri. Psikopatak dira, egolatrak, jaten emanez gero manifestu edo autobiografia bat idazteko gai.

Erruaren zati bat zutabeak argitaratzen dituzten komunikabideek dute, euren agerkarian betelanetan dauden espazio horiek komunikabidearen zutabea direla esatearren, zutabeok ezer eutsiko balute lez, zutabegileen ego puztuez gain. Erruaren beste zatia zutabeak irakurtzen dituzuenok duzue, hemendik ezer baliagarria aterako duzuelakoan lerrootara zatoztelako, eta egin daitekeen gauzarik okerrena egiten duzuelako batzuetan: zutabegileari haren zutabea gustatu zaizuela esatea.

Idazleek, behintzat, editoreak dituzte; zutabegileek gura dutena egin dezakete, ez dago kontrolik, ezta lotsarik ere. Gelditu ditzagun, berandu baino lehen. Badakit zer diodan, egidazue jaramon: zutabegile bat naiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!