Puntisten bilobak, trenean etorritakoenak, San Faustoetan alkandora zuri eta pañeluz doazenak, Ezkurdiko eskaleak, hurrik ere ematen ez dutenak, pinudien ugazabak, irakasleak, zapatariak, beren alkoholismoari poteo deitzen diotenak, txakurren jabeak, petardoen kontrakoak, txakurren jabe diren petardoak, loteroak, zorte txarrekoak, autoa epetan ordaintzen ari direnak, Ampuerotarren maizterrak, pasioan dabiltzanak, pasioa ez dutenak galdua, Magdalenan egoten den jubilatua, heteroak, ume negartiak, udal taldekoak, oposiziokoak, oposizioak egin barik udalean daudenak, gaupaseroak, crossfiteroak, batetik bestera gau batez pasa zirenak, etorri berriak, inoiz joaten ez direnak, harripausuetan haziak, plateru zaharrak, martxantera berriak, berbaldauak, isilak, ozpinak, Durango Opinako eztabaidari finak, Instagrameko izarrak, eskela irakurleak, zapatuetan Open Shopen Monsterrak edaten dituzten nerabeak, itsuak, herrenak, dantzako kontuengatik elkar agurtzen ez dutenak, ardo beltzen zaleak Goienkalean, kamareroak beltzean, beltzak terrazak batzen bata bestearen atzean, gaztaina-saltzailea, txurreroa, patinete elektrikoan doan trapitxeroa, pragmatikoak, iraultzaileenak, pragmatikoena iraultza egitea dela uste dutenak, iurretarrak, balkoian Athleticeko bandera dutenak, Abadiñora doazenak futbolean jokatzera, garbitegian lehorgailuari begira daudenak zain, online erosten dutenak, Sorginola bota gura dutenak, sokamutur zaleak, animalistak, Pio-Pio kanpoan autoa edonon uzten dutenak, arte gutxiko artistak, karlistak, domeketako ziklistak.
Denok gaude hemen. Denok, zu izan ezik.