Normaltasunera buelta

Ahoz aho dabil. COVID-19ak hor dirau, baina kutsatze kasuak beherantz doaz eta badago osasun-neurriekiko lasaitze orokortu bat. Agian goizegi da halakorik esateko, baina badirudi pandemia amaitzen doala eta bagabiltzala normaltasunera bueltatzen.

Normaltasuna badator: enpleguak sortuko dira, ekonomia haziko da eta garapenak bere erritmoa hartuko du. Beti aurrera, gora eta gora, lehengo moduan. Baina pandemia eta haren kudeaketa normaltasun horren ondorio baino ez dira izan: bizitza eta soldatapeko lana nahastearena, baliabide naturalak agortzearena, pobreziarena, kapitalarena. Normal-normal, hain arin joan da garapena, horren ondo aurrerapena, etorkizuna horrenbeste hurreratu digu ze, jada ez zaigula etorkizunik geratzen. Normala. Etorkizunik ikusten ez duen belaunaldi oso bat, orainari harrika egitea baino beste irtenbiderik ez duena. Hori edo iraganera bueltatu daitekeenaren katu-ametsean sinestea, normaltasunera buelta. 

Ez, normaltasunera ez gara bueltatuko. Tematuko gara eraistear dagoen eraikin bati erratza pasatzen, kristalei distira ateratzen, baina jausiko da. Eta gu barruan egongo gara alde egin ezean.

Normaltasuna amaituko da, halabeharrez. Ez dezagun behar baino gehiago luzatu. Amaiera horretatik hasi beharko dugu zibilizazio berri bat, aurrekoaren zigarrokinen artean bada ere, komunitatean. Agian baliabide gutxiagorekin eta aje gehiagorekin, baina gizarte berri bat, egungo normaltasuna museoetan erakutsiko duena: inor gutxik ulertzen duen koadro horietako bat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!