Oporrak eta sozialismoa

Erabiltzailearen aurpegia Markel Sanchez Zelaia 2021ko uzt. 16a, 08:44

Irratia isiotu dut goizean eta Habanako kaleak ezkaratzean sartu zaizkit: jendea protestan dabil eta ni isilik horma zuriari begira, Colacao bat eskuan. Pentsatu dut protesta beti dela sanoa, munduko edozein lekutan; gero, hainbat famatu eta pertsonaia publiko entzun ditut berbetan, eta pasa egin zait. Nork konta, Kubari buruzko irudi desberdinak datozkit burura: mojitoak eta Che, hondartza eta Alderdi Komunista, parranda eta medikuak munduan zehar. Oporrak eta sozialismoa.

Mugikorrari begiratu diot:  traolak laguntza eske. Nire alokairuko pisutik irakurri dut etxebizitza bermatzen duen herrialdeak laguntza behar duela. Demokrazia galdegin dute. Durangon, astebetean hildako bi lanean, jendea kalean lo. Gero, klinika pribatuekin hitzarmenak egiten dituen bat zuzendu zaio, txerto eraginkor, doako eta unibertsala sortu duenari. Blokeoaz gauza gutxi. Etorriko zaigun kolapsoari aurre egiteko hoberen prestatuta dagoen herrialdeetako batek aldaketa behar du; baina hemen, gure agintarien ahotan Abiadura Handiko Trenak, txuletoi garaiezinak eta hazkundea. Preso politikoen kontua aipatu du beste batek, bertako kartzelak baino, urrutikoak daudelako lepo. Amaitzeko, kubatarren alferkeriari buruzko klixe batzuk, antsietatearen hortzetatik. Iruntsi ditut Twitter eta katiluan nuena. Noan lanera. Laster oporrak hartuko ditut, eta horrek poztu nau.

Zutabe honetara ere bueltatuko naiz uda ostean. Bitartean, ondo bizi. Bi gauza opa dizkizuet, udarako eta uda osterako: oporrak eta sozialismoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!