Badirudi zerbaitetan nabarmendu behar dugula, bikaintasuna bilatu, zerbait oso ondo egin zure izenaren alboan norbaitek idazteko “sukaldaria”, “igeltseroa” edo “aktorea”. Kontrakoa proposatzera nator: ez gaitezen izan txarrak ezertan ere, behintzat moldatu gaitezen edozertan. Moldatu gaitezen etxea garbitzen, bizikletak konpontzen, masajeak ematen, kozinatzen, poesia idazten, ipurdiak garbitzen, digestio aparatua ulertzen, instalazio elektriko bat muntatzen, patata batzen, ekonomia politikoari kritika egiten, bertsotan, bideoak egiten, etxeko hormak margotzen, antzezten, pedagogietan, ipuinak asmatzen, atzeskuan, txoriak ezagutzen edo beste edozertan. Eta horrez gain, zeozertan ona bazara, ba hobeto.
Espezializazioa eraginkorra da kasu askotan, bai, baina bizitza ezin dugu horrela ardaztu. Izan gaitezen orolariak, gauza askotan aritutakoak, kuriosoak. Izan gaitezen domingeroak: domekero leku berean gauza bera egin eta bertako errege sentitu beharrean, domekero leku berri batean bazterrak nahasten dituztenak.
Domingeroek badakitelako domeka moduko egun triste bati probetxua ateratzen.