Negutik irteteko

Erabiltzailearen aurpegia Markel Sanchez Zelaia 2021ko mar. 23a, 09:00

Inoiz baino negu luzeagoa izan delakoan nago, urtebeteko negua. Bere egun eguzkitsuekin, baina negua. Eta hasi berri dugun udaberriak barruan beste udaberri bat dakarrela dirudi: argitsuagoa, handiagoa, loretsuagoa. Badakit pandemiak luze jo dezakeela oraindik, baina badago udaberritzerik. Agian nire kontua da bakarrik, baina kutsatu gurako nuke hau, osasun-neurri moduan batez ere.

Udaberri-udaberria izango bada, horrelakoak egin beharko genituzke: kaletik bizikletan joan eta tabernako terraza baten kontra jo, kamiseta txiki bat jantzi eta jertsea gerrian lotu, etxe huts bat okupatu, aseguru saltzaile bati seguru zaudela esan, fanzine bat egin, ertzain ez egin, iluntzeak lagunekin pasatu, zutabe hau paperean irakurri ostean nire argazkiari antiojo batzuk marraztu, kaletik ezezagunak agurtu, bizikleta batean bi joan, bankuak eta enpresak desjabetu, arbola batera igo, instrumenturen bat jotzen hasi, erdaraz dauden seinaleak ezabatu, bizilagunekin berba egin, zerbait gozoa kozinatu, mendi edo landa batean lo egin, kaletik abesten joan, logelako ohea lekuz aldatu, manifetan oihu egin, belarrian lora bat ipini, polizia engainatu, dendako ilaran maitemindu, antzezlan bat sortu, norbait konbentzitu, Alde Zaharretik doan banaketa furgoneta baten atzeko aldera martxan igo, koplatan egin.

Egin daitezke gauza gehiago, baina hauexek dira egingarrienak, eta baita beharrezkoenak ere. Negu luzea atzean utzi gura badugu, behintzat. Udaberria beti delako udaberriagoa denok loran bagaude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!