Argi esango dut: oso dezepzionatuta nago helduekin. Ke saltzaile batzuk dira, iruzur hutsa. Bizi osoa daramat eurei jaramon egiten, zalantzak ditudanean euren gomendioei jarraitzen, eta zenbat eta parez pareko harreman gehiago eduki eurekin, zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta dezepzionatuago nago. Onartu dezagun behingoz: helduak burubako oiloak dira, ez dakite zertan dabiltzan, edozerk gainezka egiten die, frustratzen direnean lelokeriak egiten dituzte, animaliak lez beldurtzen dira, ez dute heriotza ulertzen eta izua diote, zaratatsuak dira, negartiak, gustatzen ez zaizkien gauzak egiten dituzte eta ulertzen ez dituzten bizi-erritmoetan sartuta daude. Hau da, ni bezala. Baina helduengandik gehiago espero nuen, beste maila bat. Nik uste nuen gauzak argi zituztela, bazekitela zertan zebiltzan, egoera kontrolpean zutela. Jende serioa dirudi, eta ez. Itxura errespetagarri horren atzean segurtasun hipokrita bat besterik ez dago, noraez dotore bat.
Kezkatzen nau baina lasaitzen nau aldi berean: helduek sortu duten gezur hori oso grabea da baina heldu egitea ez horrenbeste. Nire heltze prozesu horretan, saiatuko naiz fartsari eusten. Oraingoz, hemen gauza serio antzekoak idazten jarraituko dut, ezer dakidanaren plantak egiten, ea norbait engainatzen dudan.