Gutuna Anttonio’s tabernara

Erabiltzailearen aurpegia Markel Sanchez Zelaia 2020ko aza. 27a, 08:30

Rokanrolak hil behar gintuen eta zu hil zara. Pertsonokin pasatzen den moduan, zu ere abisatu barik joan zara, agurtzeko aukera barik. Ez dakidanez nora, 1.500 karaktereko zutabe honetatik idatzi gura dizut, zure 17 metro koadroetan kabitu denaren zati txiki bat kabituko delakoan.

Goienkalen ohikoak ez diren notak entzunda hurreratu ginen zure martxara, gustuko doinuak eta doinu berriak entzutera: mugitzeko leku barik jotako kontzertuak, kaleko musika pintxadak, bertso saioak, argazki erakusketak, mikro-antzerkiak komunean. Eta Rokanrola, beti. Goienkaleko gune estueneko zulo ilunenak argitu izan du kalea sarritan, kulturaren fokuekin; musika eskatzeko, musika entzuteko eta baita musika egiteko lekuak ere. Garagardo botila handiak 2 eurora zeudela-eta, barra izkina bete genuen askok: ametsez, konspirazioz eta teoria absurdo edo distiratsuz bete gainera. Herri-mugimendu askoren aliatua izan zarelako, lagun talde batek irabazi asmo barik Goienkalera zerbitzatua: herria eskatzeko, herria entzuteko eta baita herria egiteko ere. Batez ere euskaraz egitekoa, izerdi eta tabako usaineko giro kargatu hori arnasgunea ere izan delako. Eta taberna-zuloa izan zara, taberna-zulo ederrena, gaua maite dugunok elkar topatzeko lekurik onena.

Zoriontsu izan zaren lekuetara ez ei da bueltatu behar, baina bueltatu gurako nuke Durangon tabernaren bat halako filosofiaz martxan egongo den sasoira. Eta orduan bai, gure toki berri horietan topa egingo dugu: zerbeza bat, rokanrola eta batek daki zer gehiago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!