Gurea lehena

Hori da ETB1ek irailean hainbat lekutan ipini duen iragarkia: webguneetan, autobus geltokietako paneletan edo eraikin batzuetako fatxadetan. Gurea lehena; gure hizkuntza lehena; gure kultura lehena. Bi modutara ulertu daiteke:

Bat: ETBren lehen aukera euskarazko telebista dela. Eta ez da. Kate bakoitzeko programazioari, saioen kalitateari eta hauetan mugitzen diren aurrekontuei begiratu besterik ez dago.

Edo bi: Euskal ikusleen lehen aukera ETB1 izan beharko litzatekeela. Hau da, euskal hiztuna bazara eta euskal kultura sustatu gura baduzu ikusi ezazu ETB1.

Euskal Telebistako lehen katea ez dago bere onenetan, urteak dira ikusle-kuotak lurretik dituela. Salbuespen batzuk kenduta, saio gehienek ez dute lortzen jendearen arreta erakartzea, erakargarriak izatea. Badakigu zein zailtasun dituen hizkuntza gutxitu batean emititzeak, baina bidaltzen den mezua ez da onargarria.

Esaten zaigu euskararen alde bagaude ETB1 ikusteko, militatzeko ETB1 ikusten. Berdin da zer botatzen duten gaur, aspergarria bada, duela 10 urteko saio bat bada, mariatxiak badira: zuk ipini ETB1. Horrela adierazi zuen ETBko zuzendariak iaz Gure Kasa saioan: “Jendeak esaten du ETBk zergatik ez du hau egiten? Baina gero beste kate batzuk ikusten egoten dira, lasai-lasai”. Hau da, jendea ez da inplikatzen ETB1 ikusten, gurago ditu beste saio batzuk.

ETB1ek ETB2k baino aurrekontu gehiago behar du: programa hobeak, fikzio (are) gehiago, aukera gehiago. Edo euskara izango da gauza aspergarri hori derrigor ikusi behar dena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!