Miró bat bainugelan

Erabiltzailearen aurpegia Markel Sanchez Zelaia 2020ko eka. 10a, 08:35

Ez dakit zergatik akordatu naizen honetaz. Agian zuk ere gogoratuko duzu. 2006a zen, eta telebistan “Caso Malaya” zelakoaren baitan egindako atxiloketen albisteak zeuden kate guztietan. Han, Marbellan, hainbat udal arduradun eta enpresari atzeman zituzten ustelkeria leporatuta. Katramila hartako burua Juan Antonio Roca zen, eta akorduan dut zelan poliziak bere etxea miatzerakoan, hainbat aberaskeria aurkitu zituzten bertan: animalia exotiko disekatuak, heliportu bat jardinean, lasterketa zaldiak eta margolari famatuen artelanak. Tartean, eta honek eman zidan atentzioa, Joan Miró margolariaren koadro bat bainugelan eskegita. Margolan bat. Bainugelan.

Agian zerbaitek gogoraraziko zidan. Euskararen aldekotasunari Miróren koadro haren antza hartuko nion. Herri honetan denok ei gaudelako euskararen alde. Edo hori diogu. Hori daukagu eskegita gure eraikinetako balkoi eta kristaletan, kamisetetan, urtean behineko ekimenetan hori esaten dugu. Gu ere euskararen alde.

Euskararen alde dauden bozeramaileak ETB1en erdaraz, ondo uler dakien. Euskararen aldekoak protokoloak erdaraz bidaltzen, garrantzitsua da eta, euskarazkoak gero etorriko dira, itzultzaileak lana amaitzen duenean. Euskararen alde daudenak bilerak erdaraz dinamizatzen, inork ezer galdu ez dezan, badaezpada. Euskara maite duten komunikabideak erdaraz publikatzen %95 batean, jendearengana heltzeko.

Euskalduntasuna ulertzeko modu menpeko baten alde. Dutxako lurrun artean apurka-apurka usteltzen utzi gura duten zerbaiten alde.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!