Begiratu gura diot goizero egunari obsesio honi begiratzen diodan moduan, argazki hartako mutil brasildarrekin: tren gainera igota, ziztu bizian, goi-tentsioko kableen artetik salto egiteko prest. Arriskuz beteta, bai, bizitzearen zirraraz.
Haritik tiraka lehendik ere hari horretatik tiratu dutenak datoz: Ruperren azukre koxkorrak, TikTararen doinu karibetuak, Jasanen hots ilunak, Hardezanen belatze beltzak, eta beste euri zital batzuk.
Martxel Mariskalek gogor egin zion tira hariari, eta hamazazpi urteak hamazazpi zuri izan ziren, Leonard Cohenek Hallelujah garajean abesten zuen artean. Eta arranotu zitzaidan, amoratu. Agian prozesuak gertatu egiten direlako, guk gura ez badugu ere. Tiratu dio hariari Idoia Garzesek orain dela gutxi, eta Jasone Osorok ere gogor kolpe egin du.
Gauza asko ez ditut ulertzen, eta hari honetatik ari naiz tiraka ni ere, zer edo zer aditu guran; mundua ikusteko modu bat edo egoteko modu bat edo zerk eraman duen hari honek hau guztia lotzera. Obsesioa bera ulertu-gura delako, hori delako kulturak sortu behar duena: interesa piztea, ezinegona sortzea, errealitatea aldaraztea. Beste dena entretenimendua da, denbora-pasa.
Beste hari asko daudelako gure ekosistema honetan, tiraka zerbaiten bila aritzeko, eremuko dunen atzetik.