La Ruleta

Erabiltzailearen aurpegia Markel Sanchez Zelaia 2019ko urr. 31a, 08:40

Barre bihurridun kalabazak ikusi ditugu Disney Chanellen, eta gure umeak “truco o trato” mehatxu samurrarekin etxeetako atarietan. Pozik dabiltza karamelu eske aterik ate, eta oso xelebre daude beldurrezko mozorroak jantzita.

ETBn ikusi ditugu gabonetako saio bereziak, umeentzako jostailu iragarkiak 'bi-birizak' abesten, baita “en estas navidades turrón de chocolate”, eta aurten ere familian batuko gara txokolatea eta almendrak sasoiotan batzen diren moduan, eta elkarri opariak egingo dizkiogu.

Otsailean San Valentin eguna dela-eta Telecincon Nestle bonboi kutxaren iragarkia ikusiko dugu. Gau berezia egingo dugu biok elkarrekin, eta bonboiak ahorik aho pasatuko dizkiogu elkarri pelikuletan bezala, barrezka, pozik.

Forum Sporteko mezua sartu zait sakelakoan, martxoan aitaren eguna dela eta %5eko beherapena dagoela. Mendirako bastoi bi erosi dizkiot, eta pozarren jaso ditu mendira joaten hasteko ilusioz, eta aspaldi aita horrela besarkatzen ez nuela.

Uda bertan da eta instagrameko iragarki horretan ageri zen leku horretara hegaldi nahiko merke bat aurkitu dut, eta aurten abentura batzuk bizitzeko aukera izango dut, esperientzia zirraragarriak bizitzekoa.

Eta azaroa da berriro ere, beste bira bat eman du La Ruletak Antena 3en, eta guk “Tira de la ruleta, de la ruleta tira ya ¡Tira ya!” oihukatu dugu zoriontsu, pandero eta banderak astinduz, emozioz oihu eta barre eta negar egingo dugu (zer da ba bizitza, hori baino), eta berriro hastera.

Hau da gaurko nire beldurrezko istorio proposamena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!