Ekiteaz

Erabiltzailearen aurpegia Markel Sanchez Zelaia 2019ko ira. 13a, 08:40

Azken egunotan ekin diogu askok kurtso berriari. Udan oporrak edukitzeko aukera izan dugunok lanera bueltatu gara aparkatuta utzitako proiektu eta lanei berriro ekiteko.

Egunotan ekin diote ere dantza taldeek, prekarietatearen aurkako kanpainak egiten dituztenek, herri-komunikabideek, langileen eskubideen alde borrokatzen direnek, jai herrikoiak antolatzen dituztenek, kirol taldeetakoek, mugimendu feministako taldeetan dabiltzanek, gaztetxekoek, euskararen alde hainbat esparrutan lan egiten dutenek, antzerki konpainiek, nazio askapenaren alde dabiltzanek, musika taldeek. Ekin diote ere behar bereziak dituzten familiekin lanean dabiltzanek, bertso eskoletakoek, munduko beste herri batzuekin elkartasun sareak sortzen dituztenek, margolariek, preso politikoen askatasun eta eskubideen alde dabiltzanek, dorreak eraiki beharrean herri galdeketaren alde daudenek, idazleek, auzoa hobetu eta alaitzeko auzo elkartean lanean dabiltzanek, kulturgune eta antzokietan dabiltzanek, kontulariek.

Ekingo diote, bai, hori direlako: ekintzaileak. Inongo interes pertsonal eta ekonomiko barik lanean dabiltzanak, herri eta gizarte hobe eta alaiago baten alde, lan boluntario eta militantea egiten dutenak. Gure herriko onena dira, eta zaindu egin behar ditugu. Euren lana txalotu eta eredu moduan ipini.

Hau diot beste leku batzuetatik tematuta daudelako ekintzaile edo enprendedore deitzearekin dirua irabazteko asmoz enpresak sortzen dituztenei. Eta ezin diegu utzi, ekitea gauza garrantzitsuegia delako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!