Taberna batean mozkortuta hormei eskua zabalik sekulako ostiak emateko eskubidea, horrela hobeto pasatzeko.
Etxean hogeita hamazazpi txakur edukitzeko eskubidea, eta hauen eskubideak udalari, facebook-eko talde bati edo Urkiolako San Antoniori erreklamatzekoa ere.
Herriko plaza eta biribilguneetan dauden lore guztiak jateko eskubidea, eta gero herritik lasai asko udaberria barruan daramadala esatekoa ahoan irribarre handi batekin.
Edonora nik gura dudanean bidaiatzeko eskubidea.
Enpresa bat sortzeko eskubidea, eta ondoren enpresa txiki eta ertainak lagundu behar direla esatekoa.
Edozeri buruz iritzi propioa izateko eskubidea, gai horri buruz ezer ez jakin arren besteen iritzien parera ipintzekoa.
Grebarik ez egiteko eskubidea eta ordu estrak egitekoa, enpresan gora egiteko aukera izateko eskubidea.
Edozeri buruz umorea egin, ingelesez abestu eta molatzen duten beste gauza batzuk egiteko eskubidea.
Deklarazio hau sinatuta uzten dut, dagokionaren aurrean. Eta hau nik sinatu nezake, edo beste edonork, edo zuk. Alde batetik, gure kapritxo eta ateraldiak justifikatzeko, beste alde batetik galtzen gabiltzan eskubideen izenez deitzen ditugulako.
Eskubide indibidualen putzu honetan, bakoitzak bere nahiak desiratu eta txanpon bat bota dezake, norbere burua eta besteena botatzen ari dela konturatu barik.