Durangoko jaiak 2015

Gora San Fausto jai herrikoiak!!

Erabiltzailearen aurpegia Markel Ganboa 2015ko urr. 6a, 16:58

Txosnagune finko baten premia dugu Durangon. 8 eguneko jaiak ditugu, denon arteko borondatea agertzen badugu askoz hobeto biziko ditugu jaiak

San Fausto jaiak hastear daude eta irrikitan gaude herriko jaiei behar bezalako hasiera emateko! Dakitenek diotenez, hauek omen dira urteko azken jaiak. Ez pentsa Patxikotxu eta Pantxika lasai etorriko direnik aurten; denok dakiguna da aurten (urtero lez) Durangoko jaiak polemikaz beteta datozela. Txosnagune finkorik ez daukan herri bakarra izango ote gara?

Bai, Durangoko txosnak aurten Landako Erakustazokan kokatzea erabaki du Udal Gobernu taldeak. Pinondoko auzokideak trabarik izan ez dezaten. Beti pairatzen omen dute zarata eta "zikinkeria", eta argudio hori erabiliz Durangoko auzune handienetariko batera bidali dute txosnagunea, auzokide gehiago dituen batera, jai girotik urruntzen. Ideia ona EAJ-PSE!! Biba zuek!!

Durangok txosnagune finko baten premia duela ezin dezakegu ukatu! Mugitzen den espazio bakarra da. San Fauston barrakak, zergaitik ez dira lekuz aldatzen? Bertan ere auzokide pila daude eta Camela antzeko zaratak ere bai. Alde zaharrean, zezenak dira, horiek kentzea ez zaie burutik pasako ez! Tradizioa baita! Baina zelako zarata ataratzen duten korrika ari diren herritarrak! Eta dultzaineroen kontzertua... Ezkurdin... horren iritzia nire buruan geldituko da, bestela partidistatzat hartuko nauzue, baina Gobernu Taldeko erabakia ez da bat ere partidista, lasai!! Egunez jarriko ditugu ekintzak!!

Eta batzuk zein ederto hitz egiten dudan esango duzue, arazoa ez dudalako gertutik bizitzen. Ba erratuta zaudete: lehenik, niretzako txosnagunea etxe ondoan izatea ez da arazo bat, eta, bigarrenik, Zumar kalean txosnagunea kokatu zenean nire etxetik metro batzuetara kokatu zen, eta badinotsuet oso ondo egin nuela lo, kontzertuak izanda ere, nik ongi dakit jai guztiek dakartena... eta hori bada txarrena, bejondeiela!! 

Zergaitik ez ditugu zaratak,... beste une baterako uzten. 8 eguneko jaiak ditugu, denon arteko borondatea agertzen badugu askoz hobeto biziko ditugu jaiak. Pentsatu, zer lirateke jaiak txosna barik? zenbat jendek utziko lioke Durangora etortzeari? Niri San Fausto hitza entzunda, burura datorkidan irudia jendez barra-barra dagoen jai herrikoi bat da, eta irudi horretan Txosnagunea dago une oro.

Azkenik, txosnak kriminalizatzearen kontua oso arriskutsua iruditzen zait! 14 eragile sozialek parte hartzen dute, eta guzti guztiek urtean zehar Durangon ekintzak antolatzen dituzte, mugimenduan daude une oro. Zein da arazoa? Zergarik ordaintzen ez dutela? Utz ditzagun alde batera kontu ekonomikoak eta hasi gaitezen elkarte eta eragile hauek duten balio soziala baloratzen, orduan konturatuko gara zein baliotsuak diren txosnaguneak, eragile sozialen mezuak errezago plazaratzeko.

Hausnarketa bezala, Durangon txosnaguneak kenduko bagenitu, zertan geldituko zen jaietako errealitate zein programazioa? Aldiz, tradizioak kenduko bagenitu, zerbait aldatuko litzake? Benetan, hasi gaitezen elkarbizitzarako jai batzuk antolatzen eta utzi ditzagun 8 egunez alde batera suntzitsaileak diren pentsamenduak. Horrela bakarrik lortuko ditugu herritar guztientzako jai herrikoiak!

Ez nuke artikulu hau amaitu nahi gogorarazten, jaietan ezetz ezetz dela! Jarrera homofobo, lesbofobo eta transfoborik ez dugula onartzen, desberdintasunak berezi egiten gaituela denoi eta gure artean denok nahi ditugula momentu alai hauek ospatzeko!! Disfrutatu jaiak, ligoteo sanoarekin eta ditugun ekintzekin!!

Gora San Fausto! Gora Durango! Gora Pantxike eta Gora Patxikotxu!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!