#LoveDoesn'tWin

Erabiltzailearen aurpegia Markel Ganboa 2015ko eka. 29a, 13:17

Ospatu ditzagun egunero askatasuna eta utz ditzagun ikurrak eta lobbyak beste batzuentzako, hashtag-ak gustuko dituzten horientzako...

 

Zer uste zenuten ixilik geldituko nintzela eta Ekainaren 28ari buruzko aipamenik ez nuela egingo? Ba oso erratuta zeundeten! Resaka pasatu dugu eta munduan zehar hainbat gertakari izan dira "LGTB Harrotasunaren eguna"-ren harira (Horrela diot denok ulertu dezagun baina "Sexu askapenerako eguna" egokiagoa da) eta ezin naiz ixilik gelditu, badakizuelako munduko herrialde guztietan, LGTB borroka ez dagoela ongi ikusita, eta horrek benetan amorratu egiten nau.

Has gaitezen nire gogokoenagaitik: AEB (ironia da, bai). Pasa den astean estatu osoan baimendu ziren sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak, eta, horrek, minutu gutxitan interneten oihartzun handia izan zuen #LoveWins (Maitasunak irabazi du) hashtag-arekin. Bitxia iruditzen zait hau: 2015ean onartzen da legea, eta badirudi oraintsu hasi dutela borrokaren bidea. Baina utzi gogoratzen 60ko hamarkadan trabesti, transexual, gay eta lesbianek aurre egin ziotela Poliziari eta orduan Stonewalleko matxinada hasi zela. Hamarkada bat geroago heldu zen Euskal Herrira matxinadaren oihartzuna. LGTB borrokaren aintzindarietako askok ezin izan dute euren herrialdean maite dutenarekin gozatu 50 urte beranduagora arte, batzuk ezagutu ere ez dute egin lege berri hau! Lotsagarria iruditzen zait, benetan eta oraindik aurpegi gogorra daukagu #LoveWins esateko!

Benetan? Ikus dezagun ia maitasunak irabazi duen. Joan gaitezen beste herrialde batera; Turkiara, esateko. Atzo Turkia irudi ugariren protagonista bihurtu zen, hainbat pertsona kalera irten ziren euren erribindikazioa ausardiaz kaleratzeko prest, baina aurrez aurre polizia zeukaten (lehenago kontatutako historiaren antza daukala esango nuke) ur mangerekin eta gasekin prest euren aurka egiteko, eta egin egin zuten bai. Ez zeukaten inongo laguntzarik, eta estatua euren aurka zegoen. Non zeuden orduan hashtag horien bultzatzaileak (politikari zein pertsonaia famatuak) horren aurka egiteko? Badago zerbait ospatzeko?

LGTB "harrotasuna" ospatzeak ez dauka zer ikusirik banderak egun batez kalera ateratzearekin; hau eguneroko borroka da. Maitasuna libreki ospatzea. Ez dago dena irabazita, AEBtako edo Europako agintariek dioten bezala. Afrikan, Turkian... herrialde guztietan libre izan arte, ezingo gara harrotasunez kalera irten. Eta ez dugu gehiegi bidaiatu behar; etxean ere badugu gurea... Auzo lotsa ematen dit Bilboko kaleak "harrotasun" banderez josita ikusteak. Zergaitik? Turismoak gora egiteko eta zazpi kaleak "Chueca" auzo berria bihurtzeko? Utzi gogorarazten badierala gazte asko kaletik muxukatu ezin direnak, zer esango dutenaren beldur, bai, Bilbon. Badira gazte asko jaietan jipoituak izan direnak eskutik ebatuta joateagaitik, bai, Bilbon baita ere. Lotsatzen nau gizarteak horrelako egunetan duen jarrerak: kaleak banderez josi, gaztetxoek aurpegia margoztu eta manifestazioan kristolako bandera bat atera, eta uste dugu horrekin dena lortu dugula! Mesedez, ospatu dezagun egunero askatasuna (uzten badigute) eta utz ditzagun ikurrak eta lobbyak beste batzuentzako, hashtag-ak gustuko duten horientzako, zeren, azken finean, gaur egun Bilbon, Europan eta munduan #LoveDoesn'tWin (Maitasunak ez du irabazi) oraingoz...

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!