Harrotasunez aurrera begiratuz

Erabiltzailearen aurpegia Markel Ganboa 2015ko eka. 18a, 22:01

Intxaurre, Castet, Belatxikieta edota Kementsu bezalako proiektuek euren lana eta sakrifizioari esker honaino heldu direlako, bihotzez, eskerrik asko urte guzti hauetan herriari bizia ematearren.

Zenbat juergatan gelditu izan gara "herrikoaren aurrean", zenbat aldiz arratsaldetik gauerainoko poteo bat egin eta "herrikora zerbait afaltzen" joan gara... Herriari bizia eman dion proiektuak Espainiako justizia aurrez aurre izan du eta, besteetan ez bezala, "indartsuena" garaile irten da.

Durangaldeko sei herriko taberna estatuaren menpe gelditu dira (Durango, Elorrio, Zornotza, Mallabia, Otxandio eta Zaldibar) hauekin batera Euskal Herriko 107 konfiskatzeko agindua eman du Audientzia Nazionalak eta hala berretsi du Auzitegi Gorenak.

Egunero ari zaizkigu saltzen garai berri batean sartu garela. Baina edonon aurki ditzakeguz trabak, euskal gazteriarengan, mugimenduengan, alderdi politikoengan... dena ETA denaren argudioaz. Ez da demagogia, horrela aurkezten baitu herrikoen aurkako ebazpen judizialak: “un servicio financiero al Movimiento de Liberación Nacional Vasco (MLNV), controlado por ETA, constituyendo una infraestructura logística para las actividades de organizaciones satélites como KAS/EKIN, Jarrai/Haika, Herri Batasuna y Gestoras Pro Amnistía, que estaban controladas por el frente militar de ETA”

Sentsazio gazi-gozoa dut gaurkoan, horregaitik nahi izan dut honi buruz idaztea. Gazia, ezin dudalako imaginatu ere egin proiektu hau aurrera eraman duten pertsonen burutik zer pasa daitekeen momentu honetan: Amorrua, negarrak, haserrea... urtez urte hainbeste sufritzen, gozatzen, lanean gogor egin ondoren egun batetik bestera maite izan duzun txoko hori konfiskatzeko, gauzak hartu eta beste leku batera joan beharrak sortzen duen sentzasio mingarri horrek. Gozoa, gaur Herriko tabernen "militante" zein erabiltzaile oso harro egon beharko lukeelako Intxaurre, Beldarrain edo Baserriko, Castet, Belatxikieta edota Kementsu bezalako proiektuek euren lana eta sakrifizioari esker honaino heldu direlako. Benetan eta bihotzez diot hau, eskerrik asko urte guzti hauetan herriari bizia ematearren.

Hasieran esan bezala durangarra naizen aldetik, askotan izan naiz Intxaurren kafea hartzen, afaltzen edo egunkaria irakurtzen... hori Espainiar estatuarentzako ETA da; Lagun arteko kontu asko jakin ditut bertan, hori ere ETA da; goseak nengoela pintxo bat jaten hurbildu ere izan naiz, hori ere ETA da. Nazkatuta gaude betiko kontuetaz, betiko argudioetaz, ez dute aldaketa eskatzen? Aplika ditzatela haiek aldaketak: diskurtsoan, ekintzetan, egunerokotasunean. Ezin dituzte kondenatu lan politikoa egiten duten gazteak, ezin da kondenatu herriari bizitza ematen dion taberna... Baina eurek ez dute horrelakorik ulertzen, euren argudio zein buruak aurreko mendean geratu baitziren.

Orain, aurrera begiratu behar da: harrotasunez! Ezin dezakegu esan porrot bat izan denik, aurrera beti aurrera, gogor eutsiz, erakutsiko zaio "indartsuenari" herri indarrak edozein horma, lege edo sententzia apur ditzakela. Horregaitik, eskerrik asko eta aurrera harrotasunez!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!