Umeak etxeko ispilu

Erabiltzailearen aurpegia Markel Ganboa 2015ko ots. 9a, 13:59

Garrantzitsua litzateke etxean ere hezkuntza ez sexista eta gehien bat lengoaia egokia erabiltzea, umeak berdintasunean hezteko. Umeek etxean ikusten dutena egingo dute kalean, eta ez da batere egokia, nire ustez, horrelako jarrerak kalean ikustea, eta gehien bat horrelakoak ez moztea

Umeak krudelak direla, aski ezaguna da gizartean, edo hori entzuten da behintzat. Klasekide bat lodia bada, homosexuala, "arraroa",... burla egiten diotela ere aski ezaguna da; hori entzuten dut nik behintzat. Denetarik entzuten dut kalean, gauza bat izan ezik: konponbidea.

Ni gaurkoan ez nator aditu bat izango banintz bezala hitz egitera, baizik eta nire burutik zer pasatzen den azaltzera, gauza askok beldurtu, edo are gehiago, ikaratu, egiten naute. Kalean ikusi ditut, askotan, umeei "maricon" "puta nenaza" etb. irainak askatasun osoz esaten, eta ez dut ikusi gurasorik horri kontra egiten; txarrago, barre egiten duten gurasoak ikusi ditut, noski, "gauza horiek chiquillada hutsak baitira".

Umeak etxean, eskolan, leku publikoetan... ikusten dutena dira. Ikusten dituzten esterotipoak barneratu eta horien errepikatzaile dira. Gurasoek "marikoi" delako hitza askatasun osoz eta naturalki erabiltzen badute, umeak berdina egin dezake, edo seguruenik, egingo du. Eskolak garrantzia handia dauka, eta, bertan, hezkuntza ez sexista bultzatzea da pausorik garrantsitzuena. Baina barkaidazue atrebentzia; eskola ez da etxean izaten diren arazoak konpontzeko lekua, etxeko trapu zaharrak etxean garbitu behar dira.

Hortaz, garrantsitsua litzateke etxean ere hezkuntza ez sexista eta gehien bat lengoaia egokia erabiltzea umeak berdintasunean hezteko. Umeek etxean ikusten dutena egingo dute kalean, eta ez da batere egokia, nire ustez, horrelako jarrerak kalean ikustea, eta gehien bat, horrelakoak ez moztea. Txikitatik ez baditugu horrelakoak mozten, helduak direnean zer nolako hizkuntza, jarrera,... izango dituzte gizartean ditugun sexualitate eredu desberdinen artean? Zer nolako erlazioak izango dituzte bikotekidearekin?

Sexualitatea, bere hizkuntza, eta abar, naturaltasun osoz landu behar dira etxean, eta ikastetxeetan hori indartu behar da; zenbat sexualitate mota dauden irakatsi, familia motak,... gero gazteak direnean euren sexualitatea modu egoki eta libre batean bizitzea bermatzeko. Euren sexualitatea zein den aukeratzen lagundu behar zaie umeei, baina baldintzatu barik, horrek ez baitakar ezer onik.

Askatasunari beldurra diogu, baina beldurrak beste hainbat gauzetarako utzi behar ditugu. Guk modu librean bizi nahi badugu, umeek ez al daukate eskubide bera? Bota dezagun aurreiritzien harresia, eta utzi ditzagun ispiluak alde batera, umeak etxeko ispilu izan ez daitezen!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!