Itxi da eskubide politikoen murrizketan eraikitako euskal ordezkaritza mugatuaren garaia. Berriro ere, lau hanka ditu euskal sistema politikoak erkidego honetan. Alabaina, mahaiaren metafora hankamotz gelditu da urriaren 21ean. Apurka, hauteskundez hauteskunde, herri burujabe eta garatu ia guztietan bezala, bi zutabe nagusietan oinarritzen ari da euskal alderdi sistema, oraingoz hiru probintzietan.
Espainiar identitate politikoa duten alderdiak ez dira desagertu, noski, baina abagune historiko honetan hautesleriaren gehiengoak argi erakutsi du zein den krisitik ateratzeko lidergo maitatuena: ezker abertzalearen burdinazko ukabila, zetazko eskularru jeltzalea jantzita. Eta alderdi nagusi biko eredu hau ziklo berriaren egiturazko ezaugarria bilakatu delakoan nago.
Zentraltasunaren lehia zabaldu zen hauteskunde kanpainan. Lausoa, erpinik gabea, aspergarria izan da, baina ez inozoa. Catch-all party edo alderdi oro-harrapatzaileen jarrera hartuta, EAJk eta EHBilduk, biek ala biek, hautesleria ahalik eta zabalena ordezkatzen saiatu dira. Dema horretan garaile izan da alderdi jeltzalea.
Geneetan du erdilari postuaren jitea eta EHBilduk ez daki oraindik, koalizioaren letra txikia zehaztu arte, atzelari ‘amarrategia’ den edo abangoardian jokatzen duen aurrelari bihurria. Esfortzu txikia egin behar izan du EAJren aurpegi teknokratikoenak bere nortasun historikoa hautesleriari gogorarazteko: “Ongizatearen nazionalismora” itzultzeko promesa zeraman jeltzaleen egitarauak, krisi garaian galdutako iragan gozoaren oroimenak ematen duen etorkizunerako itxaropena. Horrela, jeltzaleek beraienak zirenak eta ez zirenak jaso dituzte, PPtik, PSEtik eta baita EH Bildutik ere, Gipuzkoan batez ere. Koalizio gazteek hori dute, indar metaketarako ateak zabal-zabal irekita, biltzen diren indarrek, antzeko erraztasunarekin egin dezaketela alde. Erakundeen kudeaketan populismoan erortzen ez bada, batez ere.
Ondorio bi ditu EAJren garaipenak: lehena, abertzaletasunak posizio hegemonikoa hartu duela EAEn, normalizazio politikoari dagokionean eta erabakitzeko eskubidearen inguruan ahots sendo eta bateratua erakusteko modukoa, hala nahi izanez gero. Eta, bigarrenik, gai horietan eman daitekeen edozein aurrerapauso, askok nahi edo uste baino geldoago emango dela, nahi edo uste baino adostuagoa izango dela. Krisi ekonomikoak izango du lehentasuna, eta, tamalez, baita honen kudeaketa ‘arruntak’ ere, murrizketak barne.
Izan ere, Loiolako Inaziok erakutsi bezala, atsekabe garaian aldaketa sakonik ez egitea erabaki du hautesleriaren gehiengoak. Horregatik, Mas-i Katalunian gertatu bezala, basa-zaldi bizia beharko dute jeltzaleek aulki azpian, aldaketa politiko eta ekonomiko sakona gauzatuko bada. Ez bihar edo etzi, baina ezta ere hango eta hemengo jesuita batzuk nahiko luketen epean, hots, ad calendas graecas.