Maurizia

Erabiltzailearen aurpegia Maite Euba Areitioaurtena

Izena duen oro bada. Izena izana izateko. Horregatik ez zen izango, ez dakit oso kontziente nintzen “Marina” eta “Soraya” bataiatu nituenean alboko jostunak neurrira jositako eduki nituen lehenengo arropak umetan. Testuingurua ezagutzeak asko errazten du ulertzea: sasoi hartan gure mundu txikian oso popularra zen Soraya, begirada tristedun printzesa.

Baserriko txakurrak Winston eta Trosky; Instagram, X, ez inolako sare barik ere ailegatzen zitzaizkigun orduan ere modako joerak, onak eta txarrak; ekialdetik zein mendebaldetik. Ez naiz mitozalea, baina badago miresten dudanik, Maurizia Aldeiturriaga Zabala da bat (Zeberio, 1904 - Artea, 1988). Baserriko lan gogorrak eta bizi izan zuen sasoiak, emakumea izanda egin kontu, ez zuen sekula amore eman, ez desanimatu bere pasioari ekiteko eta danen gainetik panderojole, abeslari bikaina eta emakume indartsua izateagatik ezagutzen dugu gaur egun. Harrezkero, hainbat abeslarik eta taldek erabili izan dute Mauriziak berak bere burua hauspotzeko erabiltzen zuen esaldia. Hori da kontua, inoren animoari begira egon barik, norberak oihukatzea aupa Maurizia!

Horregatik iruditu zitzaidan aproposa baino aproposagoa izen berori ematea bidaietarako nire lau gurpildun lagunari; bizipoza eta ilusioaren omenez izena eta izana lau haizeetara zabaltzeko. Aupa Maurizia!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!