Zaintza

Erabiltzailearen aurpegia Maite Euba Areitioaurtena 2026ko ekainaren 26a

Berbak erabiltzeko sortu ditugu, esanahiz betetzeko, komunikatzeko. Erabileraren poderioz, garatu, egokitu eta sarritan esanahi berria hartzen dute. Ez beti, baina. Bidean agortu, akitzen direnak ere badaude, identitate barik, hutsik geratzen direnak. Zaintza da nire ustez zentrifugatu dugun berbetako bat.

On beharrean; ordu, leku eta aho guztietan noiz edo noiz erabili dugu Zaintza. 'Zaintza erdigunean jarri behar dugu' leloa makina bat hitzalditan entzun dugu. Ondo. Ondo baino hobeto dago hausnarketa. Gizarteak bere osotasunean arazo honi irtenbide globala aurkitu beharko dio/diogu denon artean gero eta jende nagusi dependiente gehiago gara eta. Ados. Horretarako arduradun politikoek izango dute zer egin. Baina instituzioen soluzioek ez dute konponduko, beteko, zaintzak eskatzen duen guztia. Ez nik ulertzen dudan eran behintzat.

Bizitzan zehar denoi egokituko zaigu zaintzea edota zainduak izatea. Zaintza ez dut ulertzen gaixoa zaintzea soilik. Umeak zaintzea, gurasoak, lagunak, bikotekidea, lankideak, auzoa. Zaintza borondatezko ekintza da, mimoz egiten dena, dirutan kobratuko ez dena, ordaindu ezin dena. Oso beharrezkoa. Hau dena zuk, nik, guk…komunitateak egingo du egitekotan.

Denok izango gara gutxi, asko, rol batekoak edo bestekoak. Aukeran niri zaintzea gustatzen zait, baina pozik hartzen ditut nire ingurukoak ni zaintzen nautenean. Ondo zainduta nago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!