Nire soloa lagunartea, familia batzeko lekua da. Porruak, piperrak eta tomateaz gain, giroa ondo ereinez gero, uzta ederra eta urte osorako batzea ahalbidetuko duen soloa.
Lehen ez zitzaidan gustatzen solora joatea derrigorrez amak aginduta ez bazen. Ez zen nire aukera. Orain, ostera, neuk aukeratu dut nire soloa egitea. Eta orain bai, gura dut neure soloa egin nik aukeratutako ingurumariarekin.
Nire soloa disfrutatzeko da. Gura duenak gura duenean egiten du; erein, landatu, zaindu, batu… NIRE soloa GURE soloa egin da: han batzen gara gure kontuak eta gure gorabeherak partekatzeko. Batak bestea gobernatzeko, zaintzeko. Ortuariak ere zaintzen ditugu, baina aitzakia baino ez da. Horren gainetik geure ardura eta zaintza daude. Gure arnasgunea da, zelan gauden jakiteko modua aurkitu dugu gure soloan.
Soloa nahi duzun lekuan sortu dezakezu; ez da zertan baserri inguruan izan. Zure soloa zuri ondoen datorkizun eremuan eraiki zenezake, baina beti on egingo dizun inguruaz hornituta.
Banoa solora!